Nazio Eztabaida Gunea

info@eztabaidagunea.org
euskara | español | français | english    Txuri Beltzez

EUSKAL HERRIAREN EGOERA

SARRERA GISA

Urriaren 11an Donostian egindako Batzar irekian abian jarri genuen Nazio Eztabaida Guneari bi helburu nagusi aitortu genizkion: Euskal Herriaren biziraupenerako eta garapenerako gutxiengoak definitu eta, bizi dugun gatazka politikoa gainditzeko proposamenak egitea.

Erronka serioa eta zaila. Baina askoren partehartze eta inplikazioari esker abian dugu prozesua. Ekarpenak eta hausnarketa bideratu nahirik, bi fase desberdindu ditugu: Lehenik errealitatearen diagnosia edo argazkia egitea da. Bigarren fasean izango dugu lan ildoak adostu eta konpromisoak hartzeko aukera.

Eskuartean duzun dokumentua, lehen faseko lanaren ondorioa eta fruitua duzu.

Euskal Herriaren egoerari buruzko analisi proposamen xumea da, maila pertsonalean parte hartu duten eragile sozial, sindikal eta politiko askoren ekarpenen bidez egina.

Euskal Herriaren nazio izaera aintzat hartu eta gatazka politikoa begibistakoa dela abiapuntutzat izanik, euskal gizartea elkarren arteko analisi bateratuan oinarrituriko konponbidea eskatzen ari zaigu.

Ohartzen gara, euskal herritarrak, Euskal Herriaren egoera aztertzeko ikuspegi desberdinak eta anitzak izanik ere, baduela borondate nahikoa, maila pertsonalean zein kolektiboan parte hartu eta bere ikuspegi partikularrei hutsik egin gabe, inkomunikazioa gainditzeko.

Jarrera hauen bidez, norberak bere ikusmoldea malgutuz, inori ezer ezartzeko borondaterik gabe, ikuspegi subjetiboak erlatibizatuz eta baztertzaileak saihestuz, prozesu atxikitzaileak eta bide bateratzaileak eraiki ditzakegu.

Ezagupide hauekin martxan jarri genuen Nazio Eztabaida Gunea eta ikuspegi sozial, politiko, sindikal desberdinak dituzten berrogeiren bat pertsonak osatu genuen Talde Sustatzailea. Berriki, Lehen Ekarpen Foroa egin dugu eta hark emaniko ekarpen eta ondorioz osatu dugu dokumentu zirriborro hau.

Euskal Herriaren egoera aztertzeko lau atal bereizi genituen: Euskal herritarrak; Euskal Lurra eta Jarduera sozio-ekonomikoa; Nortasun kulturala eta Euskal Herriaren egituratze politiko eta instituzionala.

Lau ataletan gaiaren alde negatiboak eta positiboak modu laburrean azaldu ditugu eta berau, abenduan egin asmo dugun Osoko Bilkuraren eztabaidarako eta partehartzaileen arteko akordiorako oinarrizko dokumentu gisa erabiltzeko asmoa dugu.

Esan beharrik ez dago, dokumentu honek ez dituela jasotzen parte hartu dugun guztion proposamen guztiak, bainan era berean egia da, dokumentu honek jasotzen dituen adierazpide orokorrak guztiok aintzat hartzen ditugula eta horretan datza dokumentuaren funtsa.

Bere xumetasunean lan aberatsa da, jende anitzen ekarpenak jasotzen dituelako. Benetan egin dugun analisi honetaz baliatu nahi genuke eztabaidaren bigarren faseari sarrera eman eta urtarriletik aurrera Euskal Herriaren bizirauteko eta eraikuntzarako ardatz estrategikoak eta ekintza erabakiorrak lehenesteko. Azken batean, Euskal Herria nazio gisa eraiki dezagun, non, gizon eta emakume guztion eskubideak inongo salbuespenik gabe aitortu ditzagun, guztion eskubide indibidualak eta kolektiboak guztioi eta guztiontzat onartuak izan daitezen eta behin betiko, aitortzen dugun gatazka politikoari amaiera eman diezaiogun.

Horren alde egitea, merezi duen erronka da; bai geuretzat bai guztiontzat ere.

Aipaturiko bi ardatzen inguruko proposamenen egin, eztabaidatu eta alderatu ondoren akordioa lortuz gero, gizarteko eragile garenon eta gizarte osoaren esku utzi nahi ditugu eztabaida honen emaitzak, behingoz, gizartea bera prozesuaren gidari eta aintzindari bilakatu dadin. Izan ere, behar beharrezkoa da gizartea bera, antolaturiko eragile eta gizabanakako konprometituen bidez, erabat arduratzea eta konprometitzea arazo politikoaren bideratze jardunean, bere praktikaren bitartez, inongo eragileri aldebakarreko baldintzatze ahalmenik onartu gabe.Bukatzeko esan, dokumentuaren azken partean eta epilogo moduan, IDEIA NAGUSIAK laburbiltzen saiatu garela. Nazio eraikuntzan eta bakegintzaren ardatzak eta zutabeak azpimarratu ditugu.

Herri gisa zer garen argi erakutsi eta hurrengo faserako nondik norakoa marraztu

Euskal Herrian, 2003ko abendua

Nazio Eztabaidagunearen Talde Sustatzailea.

EUSKAL HERRITARRAK

Sarrera

Nazio eztabaida gunearen barruan, oinarrizko lau txostenenetariko bat, Euskal Herritarrak deitutakoan, zenbait datu demografiko eta estatistikoren artean, nazio sentimenduaz eta komunitatearekiko atxikimendu motaz hausnarketa batzuk daude. Datu guzti horietaz baliaturik eta bi zutabetan aurkeztuta, hausnarketarako, aldeko zein kontrako faktore zerrenda daukagu.

Oraingoz dakiguna zera da, gure lurraldean bortxakeriaz ezarritako edozein muga eta jurisdikzio dokumentatu ezagutu aurretiaz, Euskal Herria herri lez izan, existitu eta gaurko ia lur-esparru berberean bizi zela. Euskararen herria kanpoko hainbat herriren igarobide geografikoan kokatua egoteak, aro desberdinetan kultur eta hizkuntz desberdinetako jendetza ugari pasatzea eta bertan ezartzea ekarri du gure lurraldera.

Gertaera honen azken adibideak dira, batetik, XIX-XX. mendeetako industrializazioaren itzalean izaniko migrazio uholdea, eta bestetik, hirugarren munduan jatorria duten egungo etorkin kopurua. Biak ala biak, erabateko eragin berezitua izan eta dute Euskal Herria osatzen duten herrialde eta eskualde desberdinetako biztanlegoaren jarrera eta osaketan. Atal horri, euskal diasporaren errealitatea gaineratu behar zaio.

Horrekin lotua, historikoki aski botere eta tresna politikorik gabe, Euskal Herriak ezin izan du modu integratzaile batez, jendetza guzti hori, ez euskaldundu ez modu orekatuan herritartu. Horra ba, aldameneko bi estatuen mendetako asimilazioaren ondoren, espainiar/frantziar hiritartasun inposatuaren eta borondatezko euskal nazio-atxikimenduren arteko gatazka.

Sasoi bateko "munduko hiritarra" leloari aurre eginez edo, geure bizitza gehien eragiten ari den faktorea, globalizazioaren eta lekuko identitatearen artean ematen den kontraesana da. Edo zehatzago esanda, boterea, aberastasuna eta informazioa sare global-orokorrean egituraturik aurkitzen den bitartean, esperientzia, demokrazia, identitatea eta nortasuna lokalak dira.

Euskal Herria bere osotasunean harturik, eta nor, non eta nola bizi den ezagutu ondoren, bertako bazterketak, desorekak eta desberdintzapenak gainditzeaz bada amankomunean zer hausnartu eta zer sakondu.

Kontrako faktoreak:
ahuleziak, mehatxuak

Euskal Herriko hazkunde tasa negatiboa da, eta, ondorioz, populazioa zahartuz doa, nekazal inguruan batez ere

Hazkunde tasa jaisteko arrazoien arteko batzuk sozio-ekonomikoak dira. Horrela, langabeziak eta lan kontratu txarrek ezegonkortasun ekonomikoa dakarte, eta jendeak gehiago pentsatu eta kalkulatu behar du seme-alabak edukitzeko. Beste alde batetik, oraingo kultura ereduetan bikote bizitza ez da modu zuzenean lotzen seme-alabak edukitzearekin: jendeak gero eta gehiago itxaroten du lehenengo semealaba eduki arte. Ondorioz, populazioa zahartu egin da, eta hurrengo urteotan areagotu egingo da joera hori, nekazal inguruan, batez ere.

Industrializazio prozesuak nekazal inguruan bizi den populazio jaitsiera dakar berarekin, eta teknifikazioak horretan laguntzen du, jende gutxiago behar baita lanerako. Industrigune handiak hurbil daudenean, despopulazio joera leunagoa izaten da, baina urrun daudenean, berriz, oso modu bortitzean agertzen da, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta baita Nafarroa Garaiko eta Arabako beste eskualde batzuetan ere gertatzen denez. Horren aurrean, lurralde berrantolaketa argi bat beharko litzateke, baina botere politikoa falta da horretarako.

Inmigrazio zaharraren arazoa bareturik zegoenean, oraingo inmigrazioa berriro ere arrisku gisa ikusten dute batzuek. Etorkinak integratu beharra aipatzen da beti, baina integrazioa zer den eztabaida handia pizten duen gaia da

Euskal Herria emigrazio gune izan da historikoki, baina alderantziz gertatu da XIX. mende amaieratik hona. Etorri zen inmigrazio kopuru handiak arazoak sortu zituen, baina 60ko hamarkadatik aurrera ahalegin handia egin zen gatazka hura konpontzeko, orduko lankidetza giroak eraginik. Azkeneko urteotan hazi egin da inmigrazio kopurua, baina orduko lankidetza giroa ez da hain sendoa, eta berriro entzuten dira etorkinen kontrako iritziak, etorkin zaharren aldetik ere, batzuetan. Horretan laguntzen dute, bestalde, komunikabideetatik zabaltzen diren berri batzuek eta Espainiaren eta Frantziaren politika ofizialek.

Etorkinen integrazioa, bestalde, oso modu desberdinetara ulertzen da. Mutur biak aipatzearren, batzuentzat integrazioa harrera herriak etorkinen kultura agerpide oro errespetatuz eta bultzatuz lortzen da; eta besteentzat, berriz, etorkinek harrera herriaren kultura agerpide guztiak bereganatuz. Jarrera horien artean, hainbat iritzi desberdin ageri da, eta horrek zaildu egiten du arazoaren konponbidea. Gainera, bertakoek kontrako jarrera erakusten dute batzuetan; eta etorkinen aldetik, bereizi beharra egongo litzateke euskal gizartean integratu nahi eta nahi ez dutenen artean.

Euskal gizartean integratzea ahalbidetuko lukeen inmigrazio politika egoki bat planifikatzeko eta erabakitzeko botere politiko falta sumatzen da Euskal Herrian.

Aberats/pobre edo gizartean integratu/baztertuen arteko aldea handituz doa Euskal Herrian. Gizarte bazterketak biztanleriaren kopuru garrantzitsu bat hartzen du.

Langabezia, aldi baterako lanpostuak, baldintza txarreko lanpostuak, eta abar direla eta, hainbat jende errenta baxuarekin bizi da Euskal Herrian. Era horretara multzo handi bi sortzen ari dira gure gizartean: lana eta errenta ertain-altuak dituztenak, batetik; eta lanik ez eta errenta baxuak dituztenak, bestetik. Lehenek gure gizartearen abantaila batzuk hartzen dituzte, baina bigarrenak ondo integratu gabe geratzen dira, gure gizartetik at. Hala ere, arrazoi ekonomikoez gain, sozialek eta kulturalek ere eragiten dute bazterketan. Hemen sartzen dira, besteak beste, batere eskubiderik ez duten etorkinak; prostituzioan ari direnak; homosexualak; eta abar.

Bazterketaren adibide xume (baina ageriko) bat besterik ez da etxebizitzarena. Gero eta gehiago eraikitzen den arren, etxe asko hutsik daude. Espekulazioak agintzen du merkatuan eta, horrela, prezioak izugarri hazten dira. Hori dela eta, gazteek eta, oro har, errenta baxuak dituztenek oso zail dute etxebizitza bat lortzea. Horri aurre egiteko, etxebizitza publikorako politika argi bat falta dela nabaritzen da.

Emakumea diskriminaturik dago eremu publikoan eta pribatuan

Emakumea desabantailan dago gure gizarteko eremu publikoan, eta hori frogatzeko datu objektiboak aurkez daitezkeen arren, ez da ahalegin berezirik egiten egoera hori aldatzeko. Eremu pribatuan ere ez dago parekidetasun harremanean gizonarekin, honek ez baititu beregain hartzen harreman orekatu baterako onartu beharko lituzkeen betebeharrak.

Pentsaera neoliberalak eraginda, elkartasun sentimendua galduz doa

Sistema kapitalistak bultzatzen duen oraingo pentsaera neoliberalak eraginda, elkartasun sentimendua galduz doa. Nazioarte mailan irteera militarrak hobesten dira; eta Euskal Herrian orain dela urte batzuk baino ardura txikiagoa nabaritzen da gizarte arazoekiko. Bizi kalitatea edo ongizatea erosotasun materialetara mugatzen da, eta norbanakoan zentratua; hori dela eta, ongizatea norberarentzako abantaila materialak lortzea dela pentsatzen da, kolektiboaren ongizateaz arduratu gabe.

Biolentzia politikoak agerpide asko ditu Euskal Herrian: heriotza, errepresioa eta ezin egona sortzen ditu, eta norbanakoen eskubideen zapalketa dakar

Biolentzia politikoa zergatik agertzen den era askotara arrazoitzen da, baina argi dago haren ondorioa euskal herritar guztiek jasaten dutela: norabide desberdineko heriotza, errepresioa, ezin egona, oro har, eta eskubideen zapalketa. Biolentzia politikoaren norabide desberdinek zatiketa eragiten dute herritarren artean.

Azkeneko urteotan joera politiko eta mediatiko nabari bat ageri da gatazkaren zama polo bakar bati leporatzeko. Horren barruan, ideiak eta euskal kultura gero eta modu bortitzagoan jazartzen dira.

Euskal herritarren artean hiru nazio atxikimendu nagusi (Espainia, Frantzia eta Euskal Herrikoa) eta bi hiritartasun ageri dira (Espainia eta Frantziakoa)

Nazio atxikimendua urteen poderioz eta ageriko edo ezkutuko nazionalismoen bidez lantzen da, eta estaturik osatzen ez duen herriak oso zail du nazio izaera bakar bati atxikitzea. Hori dela eta, gure artean hiru nazio atxikimendu nagusi eta desberdin ageri dira: frantziar nazio sentimendua nagusi da Euskal Herriko iparraldean; espainiar nazio sentimendua oso zabalduta dago Euskal Herriko hegoaldean; eta euskal nazio sentimendua zazpi herrialdeetatik hedatzen da, baina oso pisu desberdinez. Hiru nazio atxikimendu horiek, gainera, estatu bitan garatzen dira, eta hiritartasun bakar bi ageri dira, Espainia eta Frantziakoa, euskal hiritartasun posible bat guztiz ukatua baita estatuen aldetik.

Euskal diaspora eta Euskal Herriaren arteko loturak urrunak gertatzen dira askotan

Euskal Herria eta diasporako jendearen arteko loturak nahiko hotz eta urrunak gertatu dira askotan. Euskal Herritik gai ahaztu gisa bizi izan da duela gutxi arte. Eta diasporako herrietatik Euskal Herriko irudi idilikoa gorde izan da, barruan bizi ziren gatazkez gehiegi arduratu ez, eta konpromezurik hartu nahi izan gabe.

Arazo handiak daude euskal herritar nor den edo izan litekeen erabakitzeko

Herritartasuna ikuspuntu bat baino gehiagotik osa daiteke. Batzuentzat, kultura ezaugarri jakin batzuk betetzen dituztenak dira euskal herritar: euskaraz egitea, esate baterako; beste batzuek jatorriari begiratzen diote: norbera eta norberaren arbasoak Euskal Herrian jaioak izatea; beste batzuek lurraldetasunari soilik: Euskal Herrian bizitzea; eta abar. Hortik definizio arazo batzuk sortzen dira: ea euskal diasporakoak, batetik, edo oraingo etorkinak, bestetik, euskal herritartzat jo behar diren, adibidez.

Bereizi beharra dago naziotasun kontzeptua, subjektibotasunaren eremuari dagokiona; eta hiritartasun kontzeptua, objektibotasunaren eremuari dagokiona. Lehenean, norberak erabakitzen du, bere sentimenduen arabera, zein naziori atxikitzen zaion; bigarrenean, berriz, administrazio arau batzuek erabakitzen dute nor den edo izan daitekeen estatu bateko hiritar.

Arazo handiak daude Euskal Herria osotasun bat bezala ezagutzen dutenek abertzaleek- diagnostiko bateratu bat egiteko

Hiru nazio atxikimendu nagusi egon arren, ez du esan gura nahikoa denik bakoitzaren pisua jakitea, bakoitzaren barruan ikuskera orokor desberdinak daude eta. Abertzaleen batasuna nagusitzea nahikotzat jotzen dute batzuek ez gatazkaren konponbiderako, baina bai irtenbide baten abiapuntu gisa. Hala ere, abertzaleen artean desberdintasun nabariak daude: eredu sozio-ekonomikoei, bitartekoei, erabaki subjektuei eta erritmoei dagokienez.

Aldeko faktoreak:
indarguneak, aukerak

Kontrol neurriak direla eta, gurasoek (emakumeek, batez ere) hobeto erabaki dezakete umeak noiz eduki

Kontrol neurririk ezean, desiratu gabeko seme-alaben arazoa gertatzen da. Baina gaur egun gurasoek gero eta aukera handiagoa daukate seme-alabak noiz eduki erabakitzeko, arazo hori gutxituz.

Urte askoko tirabirak gaindituta, etorkin zaharren auzia baretu eta konpondutzat jo daiteke

XIX. mende amaieratik XX. mendeko 60 eta 70eko hamarkadak bitartean etorri zen inmigrazioa zela eta, leku batzuetan gizarte haustura nabaria gertatu zen: bertako batzuek arrisku gisa ikusten zituzten etorkinak; eta etorkin batzuek mesprezuz begiratzen zituzten euskaldunak eta euskal kultura. 60ko hamarkadatik aurrera, batez ere, ahalegin nabari bat egin zen eztabaida eta gatazka haiek baretzeko eta denon elkarbizitza bultzatzeko, eta emaitzak positiboak izan dira. Arazo gisa ikusi barik, inmigrazioak ekar zezakeen multikulturalitate aberasgarria baloratzen ikasi zen.

Euskal herritar asko bizi baldintza onetan bizi da

Euskal herritar askoren pertzepzioa ondo bizitzearena da, modu objektibo batean frogatzen denez. Euskal Herria 1. Munduan kokatu behar da, eta horrek abantaila erlatiboak dakarzkio. Asko baldintza ekonomiko egokietan bizi da; maila ertain edo altuko errenta lortzen du, eta horrek hainbat erosotasun material ahalbidetzen dizkio: etxebizitza eroso eta zabalak, aisialdirako aukerak, eta abar. Estatuak, bestalde, bere gain hartzen ditu hainbat azpiegitura eta gizarte arazo, bizi baldintzen egokitasuna handituz.

Zenbait emakumek autonomia pertsonala irabazi du lan ordainduaren munduan integratzean

Lana bai, baina lan ez ordaindua egin du emakumeak gure gizartean. Ezkontzea zen, hortaz, egonkortasun ekonomikoa lortzeko bide bakarra. Lan ordainduaren munduan sartzean, berriz, emakumeak aukera gehiago dauka bide horren derrigorrezkotasunaz askatzeko, eta era libreago batean asma dezake bere etorkizuna.

Euskal herritar asko dago gatazka politikoari irtenbide hitzartua ematearen alde

Gatazka luze honen ikuskera bat baino askoz gehiago dago. Bakoitzak bere erara azaltzen eta ikusten du, baina horren gainetik itxaropengarri den datu bat ageri da: gatazka politikoari irtenbide hitzartu bat emateko gero eta handiagoa den gogoa

Gizarte mugimenduek dinamismo handia erakutsi dute Euskal Herrian, eta emaitza handiak eskuratu dituzte

Sortzen diren arazo edo gabezien aurrean, euskal gizarteak gaitasun handia erakutsi du bere kasa antolatzeko. Askotan emaitza onak lortu dira, baina, nolanahi, lan kolektiborako joerak aukera handiak sortzen ditu oraingo eta aurrerantzean sor daitezkeen arazoei aurre egiteko, borrokarako grina eta gogoeta egiteko eta eratzeko gaitasuna erakusten da eta.

Euskal herritar askok nolabaiteko osotasuna aitortzen dio zazpi herrialdedun Euskal Herriari, eta hori abiapuntu ona da konponbide baterako

Euskal herritar askok onartzen du Euskal Herria zazpi herrialdek osatzen dutela. Euskal Herriko ipar eta hegoaldearen arteko mugak desberdintasun nabariak markatu izan ditu, baina alde bien arteko harremanak handitzen joan diren heinean, handituz joan da zazpi herrialdedun Euskal Herriaren sentimendua. Batasun hori batzuek kultura mailan eta besteek egituraketa politikora ere eraman nahi dute, eta politika mailan integrazio aukera desberdinak (ezerezetik osotasunera) ere agertzen dira. Baina Euskal Herri oso honi bere izaera aitortza garrantzitsua da arazoen konponbiderako abiapuntu bezala.

Euskal diasporako jendeak Euskal Herriarekiko loturak berretsi nahi ditu, eta oraingo egoerari konponbidea bilatzen laguntzen du

Euskal diasporako jendeak Euskal Herriarekiko loturei eutsi nahi diela agertu du behin eta berriro, lotura hori noizbait erabateko konpromezu modura ere ulertuz. Adierazgarria da, ildo horretan, Euskal Herriak duen gatazka konpontzen diasporako kide batzuek hartu duten ardura eta konpromezua.

Gero eta onartuago dago Euskal Herriaren geroa euskal herritarrek erabaki beharreko kontu bezala

Espainiak eta Frantziak ukatu egiten dute Euskal Herriak autodeterminatzeko eskubiderik duenik. Gainera, kasu hipotetiko batean, erabakitzeko subjektuak Espainia eta Frantziako biztanleria osoa izan beharko litzatekeela diote. Hala ere, Euskal Herrian gero eta onartuago dago euskal herritarrei dagokiela herri honen geroaz erabakitzea, eta ez beste inori, eta hori inkestetako datu objektiboekin frogatzen da.

LURRA ETA JARDUERA SOZIO-EKONOMIKOA

Sarrera

Lurra, lurraldea, lurraldetasuna, Herri ororen gorputza, kokalekua, lantoki eta bizilekua. Lurraren itxura, herritarron arnasgune eta gozalekua. Lurrak emana, denok asetzeko jana. Zer ez da gure lurra? Euskal lurrik gabe ez dago euskal herritarrik; nola eutsi kultur nortasunari? Zelan ziurtatu jarduera sozio-ekonomiko orekaturik eta etorkizunean Herri legez bizi eta garatzerik?

Euskal lurra zulatua dugu, kutsatua eta gehienetan ez gizarte beharren mesedetan. Eta natur errekurtsoak xahutze horretan, lur goxoak jan ditugu, eraginkortasun dudazko azpiegiturak eta eraikitze etengabeak eginaz jarraituz, jarduerak espazioan kontzentratuz eta lurraldea interes ekonomizistekin antolatuz. Zementu herria une handi batzuetan eta jendez eta jardueraz husturiko basamortu herria besteetan, horixe da gure norabidea, askotan bueltarik gabea.

Herrigintzak, Lurraldeak, bertakoen jarduera sozio-ekonomikoarekin lotura estua dauka. Baina, Herri baten zutabe sozio-ekonomikoa herritar guztien bizi-baldintza egokiak eta gutxieneko eskubide sozial eta ekonomikoak bermatuko dituen politika sozio ekonomikoak aurrera eraman ahal izatea izanik, gaur, bide horretan oztopo larriak aurkitzen ditugu. Lehen sektorearen adibideak beste batzuentzat balio dezake: Nekazaritza eta arrantza bizi eta orekatuak lurraldearen eta itsasoaren euskarri naturalak badira ere, azken garaiotako bilakaera ekonomikoak natur baliabideen xahuketa eta esplotazioaz gain (lurra,ura,paisaia,..) gizabanakoon esplotazioa ere berarekin dakar.

Bestalde, egungo joera neoliberalek dakarten herri desoreka eta esplotazioa baina sektore guztietan zabaltzen ari dira:

Lan sektore guztietan lanpostuak gero eta prekarioagoak, txirotasuna gero eta zabalduagoa, -ezkutuan egon arren-, euskal herritarron arteko desberdintasunak gero eta handiagoak, emakume eta gazteekin batera, etorkinak sektore jipoituenak

Eta egoera gordin honi erantzuteko, ezin dugu bertoko politika ekonomikorik aurrera eraman, antolakuntza politiko-instituzionalarengatik Euskal Herria erabat zatiturik baitago. Horrez gain, esparru sozio-laboralari dagokion legedia Madrilek eta Parisek egiten dute. Areago oraindik, Frantziako eta Espainiako gobernuek gero eta erabaki gehiago uzten dituzte Bruselaren esku. Horra hor, adibidez, Gobernu espainiarra erakusten ari den erresistentzia gobernu autonomikoa hainbat arlo sozioekonomikotan erabakiak hartzen hasi denean.

Ildo honetan, finantza harremanetan izandako etengabeko gatazkak izugarrizko ziurgabetasuna sortzen du, kontzertu ekonomikoa menpekotasunaren ondorioa baitugu. Zertan gastatzen duen gustatu edo ez, Estatuari kupoa ordaindu behar zaio, transferitu gabeko gastuak finantzatzen laguntzeko. Iparraldean horretarako aukerarik ere ez dago, eskuduntzak Estatuak bere esku dituelako.

Azken mendeetako bilakaera ekonomikoak populazioaren kokapenean izaniko ondorioak ere kezkagarriak ditugu: Iparraldeko barnealdea jendez hustutzen eta Araba eta Nafarroa Garaian hiriguneen inguruko populazioa kontzentrazien. Jaiotzetasa baxuak bestalde, bere atzean dauden faktoreak ikertu beharra eskatzen du, bereziki familien eta lan merkatuaren antolakuntza zein familiarekiko politiketan sartu beharreko aldaketak kontutan izanik, egoerari irauli bat emateko.

Populazioaren bilakaeran, etorkizun hurbilean gero eta garrantzitsuagoa izango den etorkinen egoera duina eta beraien integrazioa lortzeko indarrean jarri beharreko neurriak aztertzea ere ezinbestekoa zaigu, Euskal Herriak egungo markoan ez baitu ezer erabakitzerik.

Azpimarratzekoa da, bestalde, globalizazio neoliberalak eta zenbait mundu erakundeek (MKE, NMG, etabar.) sortarazitako desregulazio ekonomikoa, Europako Batasunak ere bere egiten duena. Honek bidea zabaltzen die, gainera, multinazionalen estrategiei, gure jarduera nagusi diren industria eta zerbitzuei arriskuak eraginez. Are gehiago, bertoko erakundeek ez dute honen aurreko politika propiorik garatu. Zerbitzu publikoetan, adibidez, joera pribatizatzailea erabatekoa da, lehenengotan enpresetan eta ondoren gizarte zerbitzuetan.

Eta ezin inolaz ahaztu emakumeen egoera: aurrerapenak aurrerapen, emakumeak gehienetan lan bikoitza egiten jarraitu behar du, hori bere partaidetza sozial eta politikorako zein aisialdirako oztopo larria delarik. Lan merkatuan pairatzen duten egoera gizonezkoena baino latzagoa izanik, txiroen artean emakumeak direla gehiengoa ondorioztatu behar, egoera are larriagoa guraso bakarreko familietan garatzen ari den txirotasunarekin.

Dena den, aurkako faktore hauei aurre egin diezaiekeen indarguneak ere hor daude. Lurraldeari dagokionez, jasangarritasun kontzeptua gero eta barneratuago dago, baina bada honetaz zer hausnarturik, jasangarritasunak, beste gauza guztien gainetik orain arteko bidea norabidez aldatzea eskatzen baitu. Lan merkatuaren egoera kaskarra agerian utzi eta bazterturik dagoen jendearen aldeko politikak ezartzeko kezka zabaltzen ari da. Gaztediaren eta orohar langileen prestakuntza maila ona da. Multinazionalen presioaren aurrean, badago enpresa txiki eta ertainen presentzia garrantzitsua, bada tradizio bat, kooperatibagintzarako joera bat, beren hasierako printzipioei helduz, gure jarduera ekonomikoa indartzeko eta dibertsifikatzeko oinarria izan daitezkeenak. Beste kontsumo-mota bat eta bertako produktuen aldeko joera bat ere zabaltzen ari da.

LURRALDEA LURRALDETASUNAREN OINARRI
LURRALDEAREN KUDEAKETA.JASANGARRITASUNA

Lurraldea mapa politikoa baino askoz ere gehiago da: gizarte baten jarduera guztien oinarri fisikoa izateaz gain Herri baten baliabide asko eta askotarikoen sorlekua eta identitate-iturria ere bada lurraldea. Euskal Herria ez da berdea, hezea eta menditsua soilik, nabarra, lehorra eta leuna ere bada. Hortaz, lurraldearen kontzeptu fisikoa eta kontzeptu politikoa elkarren parean dira. Herrigintzak hiru zutabe nagusi ditu uztarrian ezinbestean: sozio-politikoa, sozio-ekonomikoa eta sozio-lurraldekoa.

Aurkako faktoreak:
ahuleziak eta mehatxuak

Lurraldetasuna mapa politiko hutsa balitz bezala hartzen da askotan: erabakiak hartzeko esparruaren muga baino ez. Funtsezkoak behar ziren erizpideak ez dira kontuan hartzen:

  • Lurraldetasuna lurralde jakin bati dagokio.
  • Lurraldea zentzu fisikoan ulertu behar da. HERRIA kontzeptua ez dagokio bakarrik biztanleriari, berau bizi deneko lurraldeari berari ere dagokio.
  • Lurraldea ez da jarduera ekonomikoen edo azpiegituren euskarri hutsa, HERRI baten oinarria ere bada.
  • Lurraldeak bertan bizi direnentzako baliagaiak eskeintzen ditu (elikagaiak, ura, energia, paisaia, identitatea.... HERRI baten kultura ezin ulertu herria bizi deneko lurraldeaz aparte.
  • Lurraldea berrizten ez den baliagai bezala kudeatu behar da

Lurraldearen kudeaketa okerra. Globalizazio liberalaren parametro ekonomizisten arabera kudeatzen da gaur lurraldea. Honek ondorio txarrak sortzen ditu:

  • Jarduera ekonomikoaren zentralizatze espazial handia. Honek zerbitzuen, baliagaien eta azpiegituren zentralizatzea dakar eta, beraz, kontsumoa nabarmen handitzeko eta natur-baliagaien gehiegizko erabilpenerako joera ere.
  • Era horretan, lurraldearen desoreka gertatzen da: hiri-eremuen nagusitasuna landa-eremuaren gainean.
  • Garraio-azpiegituretan ez dago osagarritasunik, etengabeko hazkundea baizik. Autoa jaungoikotu egiten da eta ardatz bezala hartu ere garraio-politika diseinatzerakoan, garraio kolektibo eta buruzkoagoaren kaltetan.
  • Mugikortasuna lehenesten da akzesibilitatearen gainetik.
  • Globalizazioaren ondorioz bada baliagai estrategikoen (ura, lurra, hondakinak ...) kudeaketa esku pribatuetan uzteko joera. Energiaren kasuan horrela da.
  • Euskal Herrian globalizazio neoliberalaren aurka sektore zabalak badira ere, ez dute horiek benetako mugimendu gorpuztua sortu.

Lurraldearen antolaerarako bide eskasak.

  • Lurralde-Antolabidearen tresnak goitik ezartzen dira, herritarren esku-hartzerako aukerak oso urriak izanik. Legez arautuak diren esku-hartzerako bideak oso modu murritzean erabili ohi dira. Horren ondorioz, urrutiko tresnak bezala ikusten ditu herritarrak horrelako tresnak.
  • Udal-eskualdeen ahalmen urria lurraldea bertatik bertara kudeatu ahal izateko. Erabakiak metropolian eta beroni begira hartzen dira.
  • Euskal Herrian eskualdeek tradizio handia izan arren ez dute ezagutza instituzionalik. Udaletik Aldundirako zuloa handiegia da eta horrek eragin negatiboa du lurraldea modu arrazionalago eta esku-hartzaileago batean antolatzerakoan. Eskualdeak Lurraldearen Antolamendu egokiago baterako funtsezko oinarriak izan litezke.

Garapen Jasangarriaren esanak eta eginak ez datoz bat.

  • Jasangarritasuna ohiko lelo bihurtu da eguneroko hizkeran, berez, ezer konkreturik adierazten ez duena.
  • Garapen Jasangarriaren aldeko hitzezko aldarrikapenak ez datoz bat eginetan egin-egiten diren apustuekin.
  • Jasangarritasunaren aldeko apustuak zentzu kritikoa du falta. Horren inguruko eztabaida gizartean hutsaren parekoa da.
  • Euskal Herriaren Ama Lurrak era askotako erasoak pairatzen ditu.
  • Hazkundea jartzen da helburu, zentzu ekonomiko hutsean, garapenaren gainetik.
  • Gizarte kontsumista da gurea, gero eta gehiago gainera (saltoki handiak dira honen paradigmarik argiena), goranzko joera etengabe hori frenatzeko benetako urratsik ematen ez dela.

Aldeko faktoreak:
indarguneak eta aukerak

Ingurumenarekiko begirune zabala gizartean.

  • Jasangarritasuna hizpide bihurtu da.
  • Bizi-kalitatea ingurumenarekin lotzen da.
  • Ama Lurra Defenda Dezagun leloa zabaldua da gurean.
  • Ingurumena guztion ondarea dela eta horren kudeaketak publikoa behar duela nahiko zabaldu da euskal gizartean.
  • Ingurumenaren aldeko era askotako sentsibilizazio-kanpainak.

Globalizazio neoliberalaren aurka sektore zabalak agertzea.

  • Gaurko garapen-ereduaz bada, izan ere, pentsaera kritiko zabala, bestelako garapen-bideak urratzeko aukerak orain artean zinez landu ez badira ere.

Lurraldea modu zuzenago batean kudeatzeko aukerak badira.

  • Lurraldea modu sakabanatuago batean egituratzeko oinarriak badira: udalerrien eta, batez ere, eskualdeen tradizioa. Lehenek ezagutza instituzionala dute, bigarrenek, ostera, ez. Baina batak zein besteak irmoki lotuta daude lekuan lekuko identitatearekin, eta hori funtsezko oinarria da lurraldea gertutik antolatzeko eta antolamendu horren tresnak eraginkorragoak eta esku-hartzaileagoak izateko.
  • Landa-eremuek egina dute bizirik irauteko apustua (era askotako zerbitzuak bertaratzeko eskatuz, lurraren inguruko jarduerak mantentzeko, biztanleak bertan lotzeko, lekuko identitateari eusteko, erabakien prozeduran esku hartzeko ....).
  • Hortaz, eskualde-mailako garapen agentziak tresna oso egokia izan daitezke lurraldea bizirik mantentzeko.

JARDUERA SOZIOEKONOMIKOAK EUSKAL HERRIAN

Zutabe sozio-ekonomikoa: Euskal Herriak, herri gisa, herritar guztien bizi baldintza egokiak eta gutxieneko eskubide sozial eta ekonomikoak bermatuko dituen politika ekonomikoak aurrera eraman ahal izatean datza.

Gaur egun, aldiz, oinarrizko erabaki sozioekonomiko nagusiak Euskal Herritik kanpo hartzen dira. Euskal Herrian sektore ekonomikoen egoera anitza da, argi-ilun asko ikusten dira eta zenbait eremutan bertako neurriak hartzeko zailtasun handiak daude.

Aurkako faktoreak:
ahuleziak eta mehatxuak

Politika ekonomiko propioa egiteko ahalmenik eza

  • Madrilen, Parisen eta, beren ordezkarien bitartez, Bruselan, hartzen dira erabaki ekonomiko gehienak (hezkuntza, prestakuntza, gizarte segurantza, lan harremanak, kanpo-jarduera, azpiegiturak, .. ).
  • Zatiketa administratiboa eta politikoa direla eta, ezin dugu Euskal Herria mailako neurri ekonomiko bateratuak hartu.
  • Euskal Herri osorako funtsezko tresna sozio-ekonomikoen falta: Banku Publikoa, Estatistika-Gunea, Kanpo-Merkataritza Institutua, Lanbide Heziketarako Institutua, Laborantza-Ganbara ...
  • Estatuek politika ekonomikoa beren egituretan zentralizatzeko erakusten duten borondate irmoa (pentsioak, lan harremanak, prestakuntza, hezkuntza, nekazaritza, arrantza etabar.).

Kanpoko enpresekiko menpekotasuna

  • Multinazionalen presentzia dela eta, erabakiguneak zenbait sektore garrantzitsuetan Euskal Herritik kanpo kokaturik daude
  • Harreman ekonomiko estua daukagu kanpoko eragile eta ekonomiekin.
  • Bertako enpresa batzuek gero eta lotura gehiago dute bai espainiako enpresekin bai Europako beste eremu batzuekin.
  • Kanpo-merkataritzaren araugintzan aritzeko, aldiz, ahalmen eza.

Lehenengo sektorearen egoera latza

  • Nekazari askok beren etorkizuna kolokan ikusten dute, nekazal- jardueran ustiapen handiei lehentasuna ematen baitzaie.
  • Nekazal politiken diseinuan ez dute parte hartzen.
  • Arrantzaleek ere arrantza-politikaren bermoldaketa dela eta, beren etorkizuna kolokan ikusten dute, horren diseinutik bazterturik egonda.

Industri egitura eta azpiegiturak gutxi dibertsifikatua daude

  • Azpiegitura logistikoen kokapenean eredu estrategikoen falta eta helburu ekonomizisten lehentasuna

Garapen endogenoa sustatzeko estrategia falta

  • Globalizazio ekonomikoari aurre egiteko estrategia falta
  • Kontsumismoari aurre egiteko estrategia falta.

Aldeko faktoreak;
indarguneak eta aukerak

Gizartea antolatzeko duen joera eta tokian tokiko erakundeen balizko boterea

  • Udaletxeak, eskualdeak eta herrien arteko lankidetza bultzatzen duten egituren potentzialitatea.
  • Lurraldeen arteko lankidetzarako aukerak.
  • Sindikatu abertzaleen indarra eta elkarlana.
  • Euskal Herriko sektore zabal baten nahia gaurko egoera mugatua gainditzeko.
  • Eremu ekonomikoan diren erakunde publikoak biltzen ari diren eskarmentua, eta etorkizunari begira parte-hartzaileagoak izateko eta Euskal Herrira zabaltzeko aukera (CRL, CES etabar.).

Jarduera ekonomiko berriak sortzeko gaitasuna.

  • Kooperatibak, SALak, ekonomia sozialeko bestelakoak, sortzeko Euskal Herriak erakutsi duen abilezia indartsua da .
  • Enpresa Txiki eta Ertainen pisua eta garatzeko dituzten aukerak.
  • Berrikuntza sistemen nolabaiteko ezarpena.
  • Zenbait eskualdetan den lehenengo sektorearen edo industriaren tradizioak lagundu dezake jarduera ekonomikoa dibertsifikatzen.
  • Bertoko produktuen kalitatea sustatzeko eta identifikatzeko diren aukerak, eta baita salmentarako kate alternatiboak sortzeko aukera, enpresa banatzaile handien menpe egon gabe.
  • Kontsumo ohiturak aldatuz Hirugarren Munduarekiko begirunea zabaltzeko diren aukerak.

Langileen prestakuntza eta kualifikazio maila ertaina eta handia

  • Gure historia ekonomikoa dela eta, langileen prestakuntza maila oso egokia da aldaketa berriei egokitzeko.
  • Gazteen formakuntza maila altua da.

BIZI ETA LAN BALDINTZAK EUSKAL HERRIAN

Gaur egun Euskal Herrian lan baldintzen egoera gero eta kazkarragoa da, eta lan merkatu barruan dauden askok zein merkatutik kanpo daudenek egoera prekarioan bizi behar dute, oro har, oparotasuna nagusi den gizarte batean.

Oinarrizko eskubideak (etxebizitza, enplegu duina, gizarte-soldata, ingurune garbia, hezkuntza publiko euskalduna, etabar.) batzutan ez daude ziurtatuta eta egoera larria da.

Aurkako faktoreak:
ahuleziak eta mehatxuak

Gizon eta emakumeen arteko lan guztiaren banaketa desorekatuak

  • Emakumeengan ezartzen duen pisu gehigarria;
  • Egiturazko desorekaren adierazlea.

Lan harremanetan prekarietatea nagusi bihurtu da

  • kolektibo zabalek pairatzen dute egoera latz hori (gazteria, emakumeak, etorkinak,..).
  • Lan-istripuen kopurua izugarria da.

Lanbide-prestakuntzak eta Unibertsitateak muerkatuaren logikaren menpe egituratzen ari dira

  • Ikasketa eta ikerkuntza planak ikuspegi estrategikoa falta dute
  • Ikasketak amaituta egiten diren praktikak eta beka-sistemak oso eskasa eta prekarioak dira. Etorkizuneko langileek lan baldintza eskasak onar ditzaten diseinaturik daudela ematen du.

Gizarte prekarietatea zabaltzen ari da.

  • Gero eta aukera gehiago pobrezian erortzeko eta bazterketa soziala sakontzeko.

Etxebizitza eskuratzeko gero eta zailtasun gehiago

  • Prezio izugarriak, espekulazioa nagusi, eta bitartean etxebizitza asko hutsik daude. Oraindik ez da zoru-legerik indarrez.

Aurrekontu-politika atzerakoia

  • Zerga-sistema progresiboa ez izatea eta baliabide gehiago biltzeko ahalegin eskasa (iruzur fiskalaren aurkako politika eza).
  • Gizarte-politiketan gastu publikoa eskasa da, eta horren bitartean, defizit zero goraipatzen dute.

Aldeko faktoreak:
indarguneak eta aukerak

Sare eta kontzientzia feminista gero eta zabalagoa da Euskal Herrian.

  • Emakume eta gizonen arteko denboraren eta lanaren banaketan hausnarketak eta aldaketak sartzeko aukerak.

Hezkuntza-sistemaren inguruko eztabaida pil-pilean dago.

Euskal Herriko hegoaldean gastu publikoaren ezaugarriengatik politika aurrerakoia egiteko aukerak daude.

  • Gastu publikoaren zati handia bertako instituzio handien esku izateak bere erabileran aldaketak sartzeko aukerak eskaintzen ditu, borondaterik egonda.
  • Gastu publikoaren norabidea aldatzeko aukerak daude: kohesio soziala sustatu dezan.

Aurrezki-kutxek gizartearen finantza-baliabide asko kudeatzen dituzte.

  • Herri-ikuspegi estrategiko batera bideratuz gero, kohesio-soziala handitzeko aukerak zabaltzen dira.

Etorkin gehiago etortzeak aukera berriak zabaltzen ditu gure herrian.

Eremu ezberdinetan gizarte antolamendu zuzenago baten aldeko apustua

  • Borroka feministan, ekologistan, sindikalean eta herri mugimenduan, oro har.

KULTUR NORTASUNA

Sarrera

Kulturak egiten du izakia pertsona. Era berean kulturak bihurtzen du jende multzoa herri. Norbanakoen mailan zein talde mailan, beraz, berebiziko garrantzia du kultura sortu, eskuratu eta garatu ahal izateko tresnak nork bere esku edukitzeak.

Herri gisa hartuta, historian zehar sarritan gertatu zaio gure herriari tresna horiek eskura ez izatea. Herri txiki eta txiroa izateaz gain, herri kulturen berpizkunde eta nazionalizatzea ekarri zituen estatu modernoaren sorreran ere elbarri geratu zen Euskal Herria. Horrela, berez kulturaren garapenerako aukerak izan zitezkeenak, maizegi, gurean arazo bihurtu zaizkigu: kultura idatziaren zabalkuntza, eskolaren unibertsalizazioa, komunikabideen hedakuntza, edota jende eta kultur eredu ezberdinen etorrera gertatu direnean, tresna egokirik gabe egon da Euskal Herria. Aukera horiek baliatu ezinik, zokoratuta geratu da euskal kultura.

Gaur egun are larriagoa da erronka, lehendik dauzkagun arazoei joera berriekin batera datozen egoera berriak pilatzen baitzaizkie. Izan ere globalizazioari lotutako aldaketa sozialak eta digitalizazioari lotutako aldaketa teknologikoak sekula ez bezala ari baitira kulturen arteko ukipena areagotzen eta haien bilakaera azkartzen. Eta hau ere arazo edo aukera bilaka daiteke. Mehatxuak handiagoak izango dira, datozen eredu eta formak modu aberasgarri eta kritikoan integratzeko gai izatera iristen ez diren herrientzat; orduan uholdeak ezabatu egingo ditu herri gisa. Eredu eta forma horiek aukeratzeko eta beren erara integratzeko gaitasuna duten herrientzat berriz, aukera berriak zabalduko dira. Horregatik behar ditugu, batetik, kultura sortu, eskuratu eta garatzeko egitura propioak: beste hitz batzuetan, euskal kultur espazioa. Eta bestetik, unibertso sinboliko bat, zeinetatik abiatuta geure zein besteen ekarpen berriez aberastuko baikara: euskal kultura, alegia.

Orainaren eta etorkizunaren aurrean ditugun baldintzak sakon eta konplexurik gabe aztertu behar ditugu, beraz, bereziki hiru arlotako egoera eta bilakaerari erreparatuz: kulturgintza eta komunikazioa, hezkuntza, eta hizkuntza.

Kulturgintzak eta komunikazioak garrantzi handia dute gaur egun kulturaren sorkuntzan eta transmisioan. Arlo honetako praktika eta tresnen bitartez gure kultur edukiak birsortu eta eguneratzen ditugu, berriak sortzen ditugu, besteenak gure egiten, eta elkarrekin komunikatzen gara. Aurrerapauso handiak egin dira arlo honen garapen propioan, baina oztopo eta muga oso nabarmenak ditugu.

Hezkuntzaren arloan ere ezin ukatu asko aurreratu dugula. Baina oraindik ere Euskal Herriak ez du bere hezkuntza sistema propiorik. Horrek oztopatu egiten du ume, gazte zein helduei euskal gizartearen baldintza eta beharrei egokitutako formazioa ematea. Horrekin, euskal gizartea galtzen ateratzen da. Baina galtzaile gertatzen dira ere gizarte horretarako prestatuta ateratzen ez diren pertsonak.

Euskararen egoerari dagokionez, eten egin dugu galera prozesua, eta horrekin batera garai berrietan etorkizunik gabeko hizkuntza zelako pertzepzioa ere. Corpusaren zein estatusaren ikuspegitik aurrera egin dugu. Baina hau termino orokorretan egia izanik, ez da egia osoa Euskal Herriko lurralde guztietan. Oso joera ezberdinak daude batetik bestera. Horrez gain, emandako urratsek ez dute lortu egoera diglosikoa gainditzerik, eta oso urrun gaude euskara euskal herritar guztiok noizbait batuko gaituen hizkuntza izatearen helburutik.

Egindako diagnostikotik ondorioztatzen denez, arazo handiak ditu Euskal Herriak bere kultur nortasuna garatzeko eta etorkizunari aurre egiteko. Horietatik batzuk kanpotik datozkigun mehatxuak dira (estatu espainol eta frantsesen politika, globalizazioaren erronkak e.a.); baina beste batzuk geure ahulezia eta hutsuneen ondorioak dira. Era berean, kanpotik datozkigun denak ez dira mehatxuak, eta aukera berriak ere sortzen ari dira gure kulturaren garapenerako, aukera berri hauek jadanik ditugun indarguneei gehitzen zaizkielarik.

Azkenik, esan dezagun ahulezia eta mehatxu batzuk komunak direla aztertu ditugun hiru arloetarako (kulturgintza eta komunikazioa, hezkuntza eta hizkuntza), eta beste batzuk arlo bakoitzeko propioak. Gauza bera gertatzen da aukera eta indarguneekin.

Aurkako faktoreak:
ahuleziak eta mehatxuak

Euskal Herriaren zatiketa politiko-administratiboak eragotzi egiten du politika bateratua gauzatzea kultura, hezkuntza eta hizkuntzari dagokienez.

Estatuen arteko zein estatu barruko zatikatzeak politika bateratua gauzatzea ezinezko bihurtzeaz gain, euskal lurraldeak dinamika ezberdinetan kokatzen ditu, kulturgintza, komunikazio, hezkuntza eta hizkuntza espazio ezberdinetan sakabanatuz. Bereziki larria da euskara euskal lurralde guztietan ofiziala ez izatea.

Euskararen, kulturgintzaren eta hezkuntzaren inguruko eragile ezberdinen artean mesfidantza handia dago, eta bateratasun eza larria da.

Herri ekimena versus administrazioa, sektore ezberdinen arteko zein sektore barneko eragileen arteko lehiakortasuna (esaterako hezkuntza arloko pribatua/publikoa dikotomia, hedabide handiak/tokiko hedabideak), atomizazioa eta abarrek desmobilizazioa eta desgastea eragin dute, elkarlanak sor litzakeen sinergiei bidea itxiz.

Espainiako eta Frantziako estatuen politikak oztopatu egiten du Euskal Herriaren eraikuntza, komunikazio sistemen arauketan, hezkuntza sisteman zein hizkuntza politikan.

Espainiako eta Frantziako estatuek, aurrera daramazkite daramatzate beren nazionalizatze proiektuak, Euskal Herriaren kultura ukatzen duten proiektuak izanik. Honek ondorio zuzenak ditu aztertzen ari garen hiru arloen antolakuntzan. Aldi berean, estatuko aparatuez gain egitasmo estatalei atxikiriko beste eragile batzuek ere elikatzen dituzte proiektu estatal-nazionalak (hedabideek, alderdi politikoek, eta abarrek). Gaur egun tankera bereziki bortitza hartu du Estatu Espainolean, euskal kulturarekin zerikusia duen oro kriminalizatuta (komunibabide batzuen itxiera, beste batzuen sorreraren eragozpena, laguntzen diskriminazioa, eta beste neurri batzuk tarteko).

Gaur egungo kulturgintzan, komunikazioan eta hezkuntzan generoen parekidetasun eza birsortzen jarraitzen da.

Gizarte harremanak arautu eta birsortzen ditu kulturak. Gizarte harreman horiek, gaur egun, oso desorekatuak dira emakumeen kaltetan. Horrela, kulturgintzan, komunikazioan eta hezkuntzan ere, birsortzen diren balore eta harreman ereduak, nagusiki, generoen parekidetasun eza bultzatzen dute

Orain arte zenbait arlotan lortutakoa galtzeko beldurrak jarrera kontserbakorra eragiten du; era berean, administrazio publikoekiko menpekotasunak pasibotasuna bultzatzen du.

Bereziki Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban euskal kulturaren aldeko lanaren nolabaiteko instituzionalizatzearen ondorioz, administrazioarekiko menpekotasuna eta jarrera kontserbakorrak garatzeko arriskua erreala da. Honek gizartearen ekimena desmobilizatzea bultzatzen du, administrazioak kudeatzen dituen eskumenen eta diru banaketen mende uzten duelarik.

Euskal Herriari buruzko zenbait diskurtsotan euskal kulturaren ikuspegi esklusibista nagusitu da, osagai batzuk lehenetsiz eta beste batzuk baztertuz.

Euskal kultura zer den definitzean, diskurtso horiek gutxiegi begiratu diote aniztasunari, euskaltasuna gainerako herrietatik bereizten gaituzten osagaiek soilik osatzen dutela azpimarratuz. Honek urrundu egin du zenbait sektore sozial kultur proiektu komun batetik.

Euskal kultura ez dago ondo kokatuta merkatuan.

Salbuespenak salbuespen, merkatuaren dinamikak eta etekin ekonomikoaren bilaketaren ideologian oinarritutako kulturgintzak (hots, merkantilizazioak) menpekotasun egoeran utzi dituzte Euskal Herriak bere kultura propioa garatzeko aukerak (euskal eta euskarazko industria kulturalak, komunikabideak, herri ekimenak, e.a.). Horrela, Espainia zein Frantziako kultur ekoizpenak zein multinazionalerako produktuak nagusitzen dira Euskal Herriko kulturgintza eta komunikazioaren merkatuan.

Hedabideen kontzentrazioa gero eta handiagoa da.

Kontzentraziorako joera sektore ezberdinetan (prentsa eta telebistan) eta maila ezberdinetan ere (maila lokal zein maila altuagoetan) gauzatzen da. Honen ondorioz, Euskal Herrian gehien hedatzen diren komunikazio produktuak gero eta iturri gutxiagotatik datoz.

Unibertsitate, ikerkuntza eta oro har hezkuntza sistemaren atal garrantzitsuak estatuen esku daude.

Unibertsitate, ikerkuntza eta hezkuntza arloetako zati garrantzitsuak estatuen esku daude, beste maila batzuk euskal administrazioen esku utzi diren lurraldeetan ere. Honen ondorioz hain estrategikoak diren arlo horiek, neurri handi batean, Espainiako eta Frantziako sistemen menpe daude, hala irakasleriaren atalean (sare estatala) nola ikasleenean (barruti bakarra), curriculumean (edukiak eta hizkuntzak) eta azpiegituretan ere.

Urteetako lanak ez du lortu Euskal Herriko egitura soziolinguistikoari buelta ematerik. Euskararen beharrik gabe bizi daiteke, ez da lortu euskara beharkizun soziala izatea.

Euskarak oraindik komunikazio funtzio mugatuak betetzen ditu. Guztiz euskaraz funtzionatzen duen sektorerik edo lurralderik ez da, eta alor esanguratsu askotan euskarak oso presentzia eskasa du: komunikabideak, politikagintza, lan mundua, justizia, unibertsitatea, zinema,....

Euskal Herriaren Iparraldean euskararen galera prozesua oso azkar doa.

Euskal Herrian hiru hizkuntza izateak, euskararen aurkako egoera diglosikoan, zaildu egiten du komunikazio eta kultur eremu komuna eraikitzea.

Euskaldun elebidunek bi komunikazio eta kultur eremu ezberdinetan parte hartzen duten bitartean (euskarazkoan eta gazteleraz/frantsesezkoan), erdaldun elebakarrek eremu bakarrean hartzen dute parte. Norbanakoaren mailan elebidunentzat aberasgarria izan badaiteke ere, maila sozialean euskarazko eremua gertatzen da kaltetuta: batetik, erdaldun elebakarrak erakarri ezin dituelako; bestetik, euskaldun elebidunak erakartzeko beste hizkuntzetako eremuekin lehiatu behar duelako.

Euskara berreskuratzeko politika umeen euskalduntzean fokatu da, beste sektore batzuk alboratuz, eta ezagueran izandako irabaziak erabilerara isurtzeko estrategia egokirik gabe.

Umeen euskalduntzea lehenesten duen politikak ez du lortu euskararen erabilera ezaguerarekin batera haztea, besteak beste hezkuntza sistemak gazte guztiak euskaraz ondo moldatzea bermatu ez duelako, hezkuntza mailan gora igo ahala euskararen presentzia txikiagoa izan delako, helduen euskalduntzea bigarren mailan utzia izan delako, eta euskaldundu berrien integrazio politika egokirik gauzatu ez delako.

Euskaldunek hiztun kopuru txikia osatzen dute, hala zenbaki absolutuetan nola erlatiboetan, eta UNESCOren arabera euskara desagertzeko zorian egon daiteke.

Zenbaki absolutuetan, euskal hiztunen komunitatea oso txikia da merkatuaren ikuspegitik, nahiz eta merkatua kulturgintzaren eremu pribilegiatu gisa garatu den garaian. Zenbaki erlatiboetan, euskal hiztunak Euskal Herriko populazioaren laurdena baino ez dira, eta orokorrean galera prozesua etetea lortu den arren, berreskurapenaren erritmoa oso motela da: gaur egungo erritmoari eutsiz eta aurreikuspenik baikorrenean ere, 2050ean euskaldunok ez dira biztanleriaren erdia izatera iritsiko.

Euskara ofiziala den lurraldeetan ere ez da lortu Administrazioak euskaldunek zerbitzua euskaraz jasotzeko duen eskubidea bermatzea.

Administrazioaren euskalduntze prozesuak, martxan dagoen esparruetan, ez du bermatu euskaldunen hizkuntza eskubidea, eta oso neurri mugatuan lortu du administrazioko lan hizkuntza izatea. Zenbait atal bereziki atzera geratu dira prozesu honetan: osasun publikoa, justizia eta herrizaingoa.

Euskararen aldeko mezuak indarra galdu du zenbait arlotan, eta aurkako jarrera batzuk trinkotu egin dira, tankera politikoa hartuz.

Alde batetik euskararen normalizazioan izandako aurrerapenek lasaitu egin dituzte zenbait sektore, presioak indarra galduz. Bestetik, aurrerapen horiek argi gorriak piztearen efektua eragin dute beste sektore batzuetan, urtetan eraikitako gizarteko adostasuna hautsiz eta euskararen aurkako jarrerek ondorio politikoak izanik (hala alderdi batzuen jarreran nola erakunde batzuen jardueran). Horrekin batera, konfrontazio politikoari lotua agertzen da euskara, eta horrek zaildu egiten du haren aldeko kontsentsua zabaltzea.

Euskara oinarrizko eskubidea denaren kontzientzia gutxi garatuta dago.

Oso gutxi garatuta dago norberaren hizkuntza erabiltzea oinarrizko eskubidea denaren pertzepzioa. Horren ondorioz, ia naturaltzat hartzen da norbanakoen eta taldeen eskubide honen urraketa sistematikoa.

Informazioaren eta jendeen jario hazkorraren ondorioz euskal kultura eta euskara zokoratuta gera litezke, kasurik hoberenean Euskal Herrian elkarrekin biziko diren kulturen arteko "bat gehiago" izanik.

Euskal kulturaren egiturak ahulegiak dira gaur egun globalizazio garaian datozkigun pertsona eta kultur eredu berriak geure kulturan bertan modu aberasgarrian integratzeko.

Hizkuntza kalitateari dagokionean asko dago hobetzeko. Erregistro desberdinak gutxi hedatuak daude.

Euskara landua asko garatu den arren, oinarrizko erregistroetan hutsune nabarmenak daude: herriko hizkera, hitanoa, euskalkiak, e.a.

Aldeko faktoreak:
indarguneak eta aukerak

Herri ekimenak indar handia izan du, eta badu oraindik ere, arlo ezberdinetan: kultura eta komunikazioan, hezkuntzan, eta hizkuntzaren garapenean.

Azken hamarkadetan bizitasun eta indar handia erakutsi du herri ekimenak arlo ezberdinetan: kulturgintza eta komunikazioan (prentsa idatzia, herri komunikabideak, kulturgintzaren industria...), hezkuntzan (ikastolen mugimendua, UEU...), edota hizkuntzaren normalizazioan (helduen alfabetatze eta euskalduntzea, Euskararen Kontseilua...). Era berean, herri ekimenez sortutako erakundeak sarritan Euskal Herri osorako erreferente izan dira, administrazioak mugatzen dituen zatiketa politikoaz gaindi jardunez.

Lurraldetasunari eta sakontasunari partzialak diren arren, Euskal Herriko erakundeek eskumen propio garrantzitsuak dituzte kultura, komunikazioa, hizkuntza eta hezkuntzaren arloan.

Kultur politikaren diseinuan gehiago, hedabideen sistemaren arauketan gutxiago, badira zenbait ahalmen, bereziki EAE eta Nafarroa Garaiko administrazioan. Hezkuntza sistemari dagokionez asko egin da eta asko egin daiteke jadanik euskal erakundeen esku dauden ahalmenekin. Eta berdin gertatzen da hizkuntza politikaren arloan.

Estatu-nazioan gertatzen ari diren aldaketek, Euskal Herria herri gisa garatzea hainbeste eragotzi duen "estatua-nazioa-kultura" bateratasunaren haustura ekar dezakete.

Mendetan zehar kultur komunitate gisa garatu den Euskal Herria kolokan jarri zuen Espainiako eta Frantziako estatu-nazioen eraikuntzak, bakoitzak behartutako bateratasun kulturala zela medio. Gaur egun aldaketa sakonak bizi dituzte estatu- nazioak zein haiek bultzatutako bateratasun kulturalak (mugen lausotzea, nazio lurraldea gainditzen duten komunikabide eta merkatuak, kulturaniztasuna...), eta aldaketa horiek aukera eman dezakete bestelako kultur komunitateak garatzeko.

Globalizazioak kulturen aniztasunerako ekar ditzakeen irakaspenak eta jarrera berriak

Gaur egun kulturen arteko ukipena gero eta handiagoa da, eta horrek zenbait balore aldarazi ahal ditu; besteak beste kulturaniztasunaren balioztatzea (arrazoi sozial, politiko eta ekonomikoengatik). Era berean, komunitate txikiek elkar lagundu eta elkarrengandik ikasteko aukera dute, komunikazio bide berriei eta ukipen handiagoari esker.

Kiroletik eta musikatik ekarpen handiak egin zaizkio euskal nortasunari.

Komunikazioan (eguneroko eta tokiko prentsa, telebista eta irratia) zein kulturan (liburugintza eta musikagintza, esaterako) ehundura propio garrantzitsua dago.

Euskarazko kultur produkzioaren kalitatean aurrerapauso handiak eman dira. Komunikabideei dagokienez, Euskal Herrian irakurtzen den prentsa gehiena bertan sortua da; irrati-telebista talde handia dugu, Euskal Herriko populazioaren zati handi batera iritsi daitekeena (EiTB); herri komunikabideek presentzia handia dute

Komunikazioaren teknologia berriez baliatzeko kokapen sozioekonomiko ona dago Euskal Herrian.

Komunikabide berriak garatu diren beste une historiko batzuetan ez bezala, informazioaren digitalizazioak dakartzan erronkei aurre egiteko kokapen sozioekonomiko ona du Euskal Herriak. Horren adibidea da euskara, hiztun komunitate txikia izan arren, 32. hizkuntza izatea Interneteko presentziari dagokionez, edota satelite bidezko telebistara iritsi diren 75 hizkuntzen artean egotea

Euskararen aldeko gizarteko joera nabaria dago hezkuntzaren arloan.

Euskaraz ez dakiten askok euskararen alde egin dute seme-alaben eskola eredua hautatzerakoan. Honen ondorioz euskarazko irakaskuntzaren garapen handia gertatu da: EAEko hezkuntza sisteman D eredua nagusitzen ari da eta Nafarroa Garaian hedapen handia lortu du. Iparraldean euskararen alde lan egiteko aukera berriak sortu dira. Euskalgintzak egindako lanak bide berriak ireki ditu eta instituzio batzuek publikoki onartu dute hizkuntza politikaren beharra.

Hezkuntza sistema garatua eta gazteen ikasketa maila altua ditu Euskal Herriak.

Gizaldi zaharretako euskal herritarren ikasketa maila Europako Batasunekoen batez bestekoaren azpitik badago ere, gazteen eskolatze maila Europako Batasunekoaren gainetik dago.

Euskal Unibertsitatea osatzeko oinarri sendoak daude.

Batetik euskara erabilera akademikorako prestatuta eta garatuta dago, eta gero eta lan gehiago argitaratzen da euskaraz. Bestetik irakasle multzo garrantzitsua dago, euskaraz ikertu eta irakasteko trebatuta. Horrekin batera, gero eta gehiago dira unibertsitate ikasketak euskaraz egitea eskatzen duten ikasleak. Guztiz euskaraz aritzen den unibertsitaterik ere badago (UEU). Beraz, euskal unibertsitatea osatzeko masa kritiko nahikoa badago jada.

Euskal curriculuma garatzeko urrats handiak eman dira.

Urte luzez esperimentatuz doa gutxieneko euskal curriculuma, eta oinarrizko ikas materiala badago egon. Bestalde, haren beharra gero eta hedatuago dago hezkuntza arloko eragileen artean.

Helduen euskalduntze-alfabetatze sistemak efektu bikoitza izan du: heldu asko euskalduntzea eta transmisiorako motibatzea.

Euskal Herria orokorrean hartuta, euskararen galera prozesua gelditu egin da, eta ezagueran zein erabileran irabaziak izan dira.

Euskal Herria orokorrean hartuta, euskara desagertzera kondenatuta zegoelako ideia gainditu egin da, eta jada zalantzan ez da jartzen XXI. mendeko errealitateari aurre egiteko tresna izan daitekeela. Era berean, belaunaldi gazteak gero eta euskaldunagoak datoz, eta euskarazko alfabetatzeak inoiz izan ez duen mailara iritsi da. Euskararen ezagueraren beste erritmo batean bada ere, erabileran ere irabaziak izan dira.

Euskararen balioak gora egin du onespen sozialari dagokionez.

Euskarak inoiz bere izan ez dituen espazioetara sartu da (administrazioa, hezkuntza, zientzia e.a.), hizkuntza oso izateko gai dela erakutsiz. Euskal hiztunek atxikimendu handia dute euskararekin, eta euskal hiztun ez diren askok sentitzen dute atxikimendua eta identifikazio sinbolikoa.

Euskara Batua oso garatuta dago.

Dagoeneko euskaldunok badugu euskara estandar, garaikidea, Euskal Herri osoan onartua eta hizkuntza funtzio guztietarako egokia. Euskaltzaindia Euskal Herri osoan onartua da eta euskararen lurralde guztietan dihardu.

Euskal hiztunen komunitatea, txikia izanik,trinkotasuna eta sinergia erabil ditzake bere alde.

Txikiak izatearen abantailetariko bat hain zuzen ere. Komunikaziorako erraztasunak, ekimenak sustatzeko eta abar.

Gazteleraren eta frantsesaren ustezko balio unibertsala erlatibizatu egin da, ingelesaren nagusitasunaren aurrean.

Gaztelera eta frantsesa erabilera ia unibertsalekoak ziren bitartean euskararen eremua oso mugatua zelako ideiak euskararen aurka jokatu du historian zehar, eta erabilera zabalagoko hizkuntzetako elebakartasuna gainbaloratu du, txikiaren kaltetan. Gaur egun ordea munduan ingelesak duen gorakadak kolokan jartzen du ideia hori; batetik, eleaniztasunaren beharra mahai gaineratzen duelako; bestetik, lehenago unibertsaltzat hartzen ziren hizkuntzen mugak agerian uzten dituelako.

Lurralde batzuetan euskararen ezagutza aukera profesionalak areagotzeko faktorea da.

Euskalgintzatik aparteko sektore pribatuko hainbat erakundetan euskararekiko garapen positiboa eman da azken urteetan. Ehunka eragile ari dira euskararen erabilera areagotzeko neurriak hartzen eta hainbat enpresa inguru euskalduntze planak garatzen ari dira. Lan eskaintzetako iragarkien %12an euskararen ezagutza eskatzen da.

EUSKAL EGITURA POLITIKOA

Sarrera

Mende berri honen hasieran, Euskal Herriak munduko estatu eta nazioen artean bere leku politikoaren bila jarraitzen du.

Gaur egun indarrean dauden Estatuek, Frantziak eta Espainiak bereziki, ez dute ontzat hartzen beren menpeko lurralde banatan finkaturik dagoen gure herri honek oraingo "status"etik haratago legokeen beste berri batera aurreratzeko aukerarik izan dezan.

Ez dute gaur egungo estatu-nazioen mapak zalantzan jar ditzakeen harremaneta antolatze-era politiko berririk onartzen.

Joan den mendearen bukaera aldera gertaturiko aldaketak, Europa zaharreko beste zenbait Estatu eta Nazio ere ukitu dituztenak, gehienetan izate politiko berrietarako iraganaldi baketsuak ahaleztatuz, ez dira gure herriarentzako eredu baliagarritzat onartzen.

Estatu hauek etengabe saiatzen dira euskaldunon eskubide politikoak aintzat hartze aldera sor daitekeen edozein barne-eztabaida edo erabaki-hartze galgatzen.

Beren tema horretan, bi Estatuok gero eta gehiago ahalegintzen ari dira nazioarteko instantzietan - Estatuen interesen arabera eratuak eta osatuak izaki hauek ere - berretsia izan dadin Frantzia eta Espainiaren nahikundea, beren kabuz ezarriak dituzten mugak aldatzeko edozein saiori uko egiten diena. Horregatik eta horretarako, mendebaldeko Estatuei ezin aplikatuzkoa izango litzatekeen autodeterminazio- eskubide mota bat aldezten dute, ez besterik.

Hala ere, euskal herriak aurrera daraman barne-mugimenduak nabarmenki baldintzatzen du Estatuon gaur egungo politika.

Euskal Herriko iparraldean, gure herriarentzat gune amankomun eta berezitu bat galdatzen duten jarrerak gero eta atxikimendu gehiago biltzen ari dira, bai gizabanakoena, bai erakundeena. Departamentu berezko baten eskakizunak gero eta sostengu handiagoa erakartzen du, Iparraldearen garapen politiko, sozial eta ekonomikorako eskakizun beharrezkotzat begietsia baita.

Euskal Herriko Hegoaldean gatazkatsuagoa da egoera. Estatuaren aparatuetatik, aurkaritza euskal gizartearen barnerantz nahi izan dute bultzatu, bi komunitateren arteko zatiketa sortaraztea helburu. Gainera, norabide bikoitzeko bortizkeria politikoaren iraunkortasunak garrazki baldintzatzen du eztabaida politikoa.

Begi bistakoa da gure gizartean nazio-egitasmo ezberdin bat baino gehiago daudela aldi berean; dena den, nabaria ere bada euskal gizartearen zati handi batek ez dituela gogoko gaur egungo estatu-esparru politikoak, hain baterakoi eta berdinkoiak baitira non ez baitute Euskal Herriak aspaldidanik galdatzen duen bere buruaren adierazpen berezitua ahaleztatzen.

Azken hamarkada hauetan indarrean dauden tresna politikoek - Konstituzioak, Autonomia Estatutuak eta Foru-Hobekuntzak - ez dute gero eta indartsuago geure erabaki-esparru besterenezina galdatzen dugun euskaldunon gurari-helburuak erdiesteko biderik zabaldu.

Estatuaren erreakzioak, jadanik esparru polizialetik ez ezik legislatibotik eta judizialetik ere mamituak, ezer gutxi laguntzen du irtenbiderik zabaltzen noski. Aitzitik, Estatuaren jokaerak, Justizia Epaimahaienak bereziki, eta haien hainbat ebazpen bidegabe berariazkok, suntsitzen dihardute eskubide-estatu eta gizarte demokratiko baten oinarririk funtsezkoenak, egoera ezin gatazkatsuago bat sortaraziz.

Gero eta gehiago dira gatazka politiko bat egon badagoela eta irtenbidea maila politiko berean zor zaiola garbi ikusten eta galdatzen duten euskal herritarrak.

Alderantzizko beste jarreretan, berriz, ukatu egiten zaio Euskal Herriari, ez bakarrik egitura politiko berezkoak eta berezituak izateko eskubidea, baizik eta baita herri-izatea bera ere.

Honen guztiaren aurrean, ezinbestekoa da, lehenik, dauden eragozpenak zeintzuk diren garbi antzematea, hots, abiaburuko ahuleziak zeintzuk diren, egoera hau gainditzen saiatu ahal izatearren.

Eta, bestetik, zeintzuk diren osagai positiboak, zeintzuk diren dauden indarrak, gatazka-egoera hau gainditu eta Euskal Herriari bere buruaren jabe izaten utziko dion bizikidetasun-esparru berri batera iristearren.

Diagnostiko bateratu bat bilatu behar da, etorkizuneko soluzio-bidetan aurrera egiten lagunduko diguna. Pentsaera eta jarrera ezberdinetatik abiatuz, eta irizpide eta bestelakotasun guztiak errespetatuz.

Diagnostiko honek zera du helburu, etorkizun hurbilean, oraingo egoera hau, denok ukitzen gaituena, hots, euskaldunok, espainiarrak eta frantsesak, gainditzeko proposamenak aurkeztea, irtenbide bidezko eta demokratikoak etengabe galdatzen dituen gure egoera honi kezkati begiratzen dion Europa honen baitan.

Aurkako faktoreak:
ahuleziak eta mehatxuak

Autodeterminazio eskubiderik ez zaio Euskal herriari aitortzen.

Euskal Herriari ez zaio kanpotik aitortzen autodeterminazio eskubiderik. Estatuek edota nazioarteko erakundeek ez diote Euskal herriari aitortzen aske erabakitzeko gaitasunik. Barnean, Euskal Herria herri gisa aintzakotzat hartzen duten euskal hiritarren kopurua desorekatua da lurraldez lurralde eta gutxiengoa izan daiteke zenbait lurraldetan. Inoiz galdera zuzenik egin ez den arren, litekeena da autodeterminazio eskubidearen aldeko eta kontrako jarrerak nahiko orekatuak egotea Euskal Herria osotasunean hartuz gero. Egitasmo nazional desberdinak daude gure herrian eta hauetariko batzuk autodeterminazio eskubidea ukatu egiten dute.

Euskal erakundetzea mugatua da, lurralde zein eskumenei dagokienean.

Erakundetzea ez da lortu lurralde guztietan, eta lortu denean ez dago euskal erakundeak elkartzeko legezko aukera askerik. Ondorioz, Udalbiltzaren saiakeraz harago ez dago euskal lurralde zein hiritarrak batuko lituzkeen erakunde politikorik. Erakundetuta dauden euskal lurraldeetan autonomia mugatua besterik ez dago. Autonomia esparru horrek ez du azken hamarkadetan inongo bermerik izan eta edukiz hustu egin du Espainiako Estatuak. Nafarroako kasuan, bertako hiritarrek ez dute zuzeneko aukerarik izan euren egitura politikoa bozkatzeko. Iparraldean, euskal lurraldeek ez dute erakunde politiko berezkorik. Eskumenen gabeziaz harago, zatiketa instituzionalak Euskal Herria desitxuratu egin du.

Euskal Herria aintzakotzat hartzen duten eragileen artean ez dago adostasun nahikorik: ez herri ereduari dagokionean, ezta ere bitarteko politiko batzuen inguruan, borroka armatua, esaterako.

Ez dago herri-estrategia bateraturik. Besteak beste, ez dago akordio minimorik autodeterminazioaren subjektuaren definizio zehatzari edota honen egikaritzarako epe edo erritmoei buruz. Era berean, bitarteko politiko batzuen inguruko irakurketari dagokionean -borroka armatua, kasu- euskal eragileen arteko desadostasuna handia da. Herriaren eredu sozio-ekonomikoari buruzko liskarra ere gogorra da, eta ez dirudi bertako neo-liberalek autodeterminazioan oinarritutako aldaketa politikoa onartzen dutenik. Desadostasun hauek guztiak autodeterminazioaren inguruko indar metaketarako oztopotzat jotzen dira.

Estatuen zentralismoa eta errepresioa areagotu egin dira.

Estatuen zentralismoa nazio-estatuaren krisian areagotzen ari da, batez ere, Espainian. Jarrera horren ondorioz eta Euskal herriaren errebindikazioaren sendotasunaren beldurrez, errepresioa gaiztotu egin da arlo guztietan. Kasu batzutan, bertako administrazioak ere ardura nabarmena du errepresioaren gaiztotzean. Euskal nortasun berezituaren defentsan -nazio eraikuntzan- saiatzen den orok zigorra jaso dezake. Bereziki, Espainiako Estatua eredu totalitarioaren atarian jarri da, terrorismoaren aitzakia erabiliaz, jarduera errepresiboek aurrikusi zitezkeen mugak ezabatu baitituzte. Lurralde batzutan, Nafarroan esaterako, erakundeen jarrera oso erasokorra da euskal nortasunaren kontra. Espainiako bi alderdi nagusiak lotzen dituen burdin-itunak elikatu egin du espainiar iritzi publikoak duen jarrera erasokorra euskal gatazkaren aurrean.

Europako eraikuntzan estatu-zentrismoa eta estaturik gabeko nazioen mesprezua nagusitzen ari da.

Europako eraikuntza politikoan erabakitzeko eskubidea duten kide bakarrak Estatuak dira. Estaturik gabeko nazioak eskumen mugatuko "erregio" gisa soilik onartzen ditu Europar Batasunak, eraikuntza prozesuan ez zaielarik eskaintzen zuzeneko ardurarik. Subsidiarietate printzipioaren irakurketa mugatuaren arabera, Estatuek lekuko egiturak indartu nahi dituzte, nazio edota erregioen kaltetan.

Hiriek ez baitute Estatuen subiranotasuna ezbaian jartzen eta aipatu egitura ertainak, nortasun kolektiboen adierazle direnak, ahultzeko baliagarriak izan baitaitezke.

Globalizazio liberalaren eredu hegemonikoak ez dio Euskal Herriaren burujabetasunari mesederik egiten.

Herri txikien nazio eraikuntzaren eta abertzaletasunaren irakurketa ezkorra hedatu da mundu mailako diskurtso nagusian. Nazioarteko testuinguruan, eskubide indibidual zein kolektiboen murrizketa areagotu egin da erabat. Mehatxu horiei aurre egiteko tresna politiko eraginkorren falta sumatzen da Euskal Herrian. Ez dugu nazioarteko esparruan aliatu indartsurik, irlandarrek Clintonengan izan zuten moduan. Euskal Herria nahiko isolatua dago munduan, eta gure lagunak batik bat herri minorizatuak dira. Kanpoan nagusi den diskurtsoan, eskubide indibidualen bortxaketa batzuk salatzen diren bitartean, Euskal Herriaren eskubide kolektiboen edo bestelako eskubide indibidualen urratze oro estali egiten da. Bestalde, burujabetasunaren ibilbidean lagun dezaketen kanpoko eragileen parte hartzea indartzeko ez da ahalegin nahikorik egiten.

Nekamena eta desmobilizazioa mehatxu ukaezinak dira Euskal Herria aintzakotzat hartzen dutenentzako..

Desmobilizazioaren arriskua handitu egin da azkenaldian, prozesu politikoaren zailtasunagatik edota errepresioaren eraginez. Gizarte esparru batzutan beldurra heda daiteke errepresio neurrigabearen ondorioz. Autodeterminazioan oinarritutako aldaketa politikoaren motorra izan beharko litzatekeen ezker abertzale sendoaren eta bateratuaren falta sumatzen da. Euskal gizartearen bilakaera ideologiak ere badu balizko desmobilizazioan errurik: ongizate erlatiboa defendatu nahia, balio kontserbadoreen indarra, kontsumismo hazkorra etabar. Hauek guztiek, besteak beste, ahuldu egin dute hiritarren konpromezurako grina.

Euskal Herria aintzakotzat hartzen ez duten euskal hiritarren mobilizazio erasokorraren arriskua areagotu egin da, barne gatazka eta gizarte zatiketarenarekin batera.

Gizarte esparru zabalak herri-eredu baten inguruan biltzeko abertzaleek daukaten gaitasuna ahuldu egin da. Euskal elite estatalisten itxikeria eta malgutasun eza azpimarratzekoak dira. Sozialisten jarrera bereziki tamalgarria da gai honetan: Kataluinan ez bezala, Euskal Herria aintzakotzat hartuko luketen jarrera "baskistak" oso ahulak baitira gurean. Euskal sindikatu estatalisten edota enpresarien erakundeen jarrera ez da batere irekia autodeterminazioaren inguruan. Kontra-mugimenduen eragina - Ermuko Foroa, Basta Ya, Fundación para la libertad, etab - areagotu egin da komunikabide nagusietatik zein aurrekontu publikoetatik jasotzen duten laguntzari esker. Indarkeria politiko mota batek eragiten dituen eskubide indibidualen urraketek iritzi giro aproposa eskaini diete talde hauei.

Alde guztietako alderdikeriek oztopatzen dute euskal herritarrek nahi duten konponbide politikoa.

Autodeterminazioan oinarritutako egoera baketsua, guztion eskubide guztiak edonon aitortuko dituen egoera, alegia, alderdien estrategien eta hegemonia lehiaren menpe jartzen dira askotan, konponbidearen kalterako. Aldaketa politikoa eta soziala lotzeko beharrezkoak diren ezkerreko indarren arteko harremanak ez dira behar bezain beste lantzen. Euskal gizartea inplikatzeko gaitasun ahula dute eragile politikoek eta askotan herriaren izenean aritu beharrean alderdiaren interesen defentsa hobesten dute. Interes horiek eta lortutako ongizatea babestu beharrak baldintzatu egiten du zenbait euskal eragile politikoen estrategia, berau kamustuz.

Komunikabide nagusietan Euskal Herriak duen irudia, gatazkaren inguruan Estatuek duten irakurketa politikoan oinarritzen da.

Euskal esparru komunikatiboa nahikoa ahula da. Euskal Herria aintzakotzat hartzen duten mezu politikoak gizarteratzeko ez dago tresna komunikatibo indartsurik eta daudenak ez dira zuhurki erabiltzen. Ildo beretik, autodeterminazio eskubidea gizarteratzeko erabiltzen den diskurtsoa ez da behar bezain argia, indartsua eta, era berean, lasaigarria. Bertan gehien jarraitzen diren komunikabideek ez dute Euskal Herria aintzakotzat hartzen. Argi eta garbi hartzen dutenek, berriz, edo ez dute jarraipen handiegirik edota errepresio politikoaren helburu bilakatu diren neurrian ahulduta daude. Estatuetako eta munduko komunikabide nagusietan Euskal Herriak ez du hitzik eta nekez topa daitezke konponbide bidezkoaren aldeko jarrerak .

Aldeko faktoreak:
indarguneak eta aukerak

Herri gisa irauteko eta garatzeko borondate tinko eta jarraitua dago Euskal gizartearen multzo zabalean.

Euskal Herria osotasunean hartuta, euskal nortasun politikoa aitortzearen aldeko euskal hiritarren kopurua handia da. Herri izaera ezin da soilik hauteskunde emaitzetara mugatu, herri galdeketa zuzeneko batek ziurrenik Euskal Herria aintzakotzat hartzen dutenen kopurua abertzaleena baino askoz ere zabalagoa dela erakutsiko bailuke. Euskal herriaren nortasun politikoaren defentsa egiturazko ezaugarria da gure gizartean: jarraipen historikoa du, gaur egun ukaezina da, eta etorkizunera begirako egitasmo itxaropentsua proposatzen dio euskal gizarteari.

Euskal Herria aintzakotzat hartzen dutenen artean politikagintzari buruzko hausnarketa bateratua zabaltzen ari da, bai maila teorikoan zein estrategia politikoen inguruan.

Oro har, jarrera malguak sumatzen dira euskal eragileen artean: indarrak batzearen aldeko joera, alegia. Estatutuaren kudeaketan aritu diren eragileak ere onartu dute autodeterminazio eskubidearen aitorpen argia dela edozein botere esparru bermatzeko modu bakarra. Konponbidearen garaia iritsi denaren ustea oso zabaldua dago. Euskal Herria aintzakotzat hartzen dutenen artean adostasun minimoak badaude: Euskal herria osotasunean onartzea, autodeterminazioaren eskaera, gaur egungo une historikoaz baliatu behar denaren ustea eta euskal eraikuntza politikoa bide demokratikoak eta barneratzaileak jarraituz egin behar dela pentsatzea, esaterako.

Abertzaleak ez diren euskal hiritarren jarrera irekia da autodeterminazio eskubidearen inguruan.

Prozesu soberanista demokratikoari erabateko betoa jartzeko prest hiritar kopuru eskasa legoke. Abertzaleak ez direnen artean ere erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera oso hedatua dago. Inortxok ukatzen du gatazka politikorik dagoenik. Gatazka politikoa modu demokratikoan gainditzeko herri borondate zabala dago Euskal Herrian. Alegia, konponbidea erabakitzeko gaitasuna aitortzetik etorriko denaren iritzia, nahikoa komuna, zeharkakoa da euskal gizartean.

Nortasunaren araberako komunitate-zatiketa nabarmenik ez dago gurean. Euskal gizarteak heldutasun nahikoa du barne aniztasuna onartzeko.

Zatiketa, oraingoz, elite politikoetara mugatzen da. Ez dago beste gatazka politikoetan bezala nortasun nazionalaren araberako gizarte zatiketa sakonik. Arrisku hori erabat baztertu ezin baldin bada ere, ez dago maila teoriko zein praktikoan inongo bazterketa edo bereizketa etnikorik proposatzen duen euskal eragilerik. Euskal nortasunak izan duen jazarpenetik at, ez dago bazterketa etnikoaren aurrekaririk, eta, hortaz, ezta ere konponezinezko irain historikorik. Egitasmo, nortasun kultural, helburu politiko guztiei zor zaien begirunea errotuta dago euskal gizartean.

Erakundetze aipagarria dago Euskal Herriaren hegoaldeko lurraldeetan. Euskal Herriko iparraldean berriz, erakundetzearen eskaera hezurmamitu da.

Hegoaldean, errebindikazio politikorako abiapuntu gisa erabil daitezke gaurko erakundeak baldin eta estrategia soberanistaren menpe jarriko balira. Munduko beste herriekin alderaturik ezin esan daiteke Euskal Herriak inongo tresna politikorik ez duenik. Mugatua eta zatikatua izanik ere, aitorpen instituzional minimoa ezin izan diote ukatu Euskal Herriari. Iparraldean Euskal nortasun politikoa defendatzen dutenen artean elkarlanerako joera sendotu egin da azkenaldian: Erakundetze eskaera minimoaren inguruko adostasuna lortu da, hain zuzen ere.

Erakunde nazionalen sorrerak, Udalbiltzarena esaterako, itxaropena zabaldu du eta herri nortasuna errotzen lagundu du Euskal Herriaren nortasun politikoa defendatzen dutenen artean.

Lurralde ezberdinen arteko harremanak ugaldu egin dira eta Euskal Herri osorako estrategiak bideratzea errazagoa dirudi. Elkar ezagutza sakondu egin da urteotan. Herrikidetasuna, nazio bakar gisa aritzeko gogoa areagotu egin dira. Sasimugaren desagerpena, Europako eraikuntza, gertuko herrien burujabetza prozesuak, aldaketa politikoaren garaia zabaldu denaren ustea, eta lehen erakunde nazionalaren sorrera, besteak beste, elementu azpimarragarriak izan dira euskal nazio nortasunaren errotzean.

Nazioarteko ingurunean ibilbide baikorrak zabaldu dira: Bestelako munduan, bere buruaren jabe izango den bestelako Euskal Herria posible da.

Globalizazio neo-liberalaren kontrako mugimendu alternatibo sendoarekin bat egiten du euskal errebindikazioak. Arlo guztietako autodeterminazio eskaera mugimendu alternatiboaren erro-erroan dago. Bide demokratikoen onarpena zabala da nazioarteko inguruabarrean eta askapen-prozesu demokratikoak oztopatzeko argudioen ahulezia, berriz, nabarmena. Europako eraikuntza prozesua irekita dago eta Estatu berri txikiak barneratzen ari dira, Euskal Herriaren parekoak direnak. Estatu Espainolean eta Frantziarrean lurralde berrantolaketaren eztabaida zabaldu da eta autodeterminazio eskaerak ugaldu: Korsika, Kataluina, etab. Euskal diaspora arbasoen lurraldean burutzen ari den prozesu politikoan partaidetza eraginkorragoa eskatzen ari da azkenaldian.

Subiranotasunaren bidea egiteko tresna teoriko-praktiko eraginkorrak eta malguak daude eskura.

Maila praktikoan, erabakitzeko gaitasuna garatzeko tresna berriak ugaldu dira munduan zehar eta batzuk erabiliak dira jada: soberanismoa, herri-galdeketa, geometria aldakorreko egitura politiko berriak, borondatezko erakundeak etabar. Euskal Herria ez da ataka honetan dagoen herri bakarra. Maila teorikoan, berriz, errealitate politikoak ulertzeko eredu alternatiboak, indigenismoa, esaterako, mundu mailan aintzakotzat hartzen ari dira eta euskal herriak sare politiko berri horietan errotzeko aukera ezin hobea du. Gurean ere, konponbiderako proposamenak ugaldu egin dira azkenaldian, eta zenbait erreferentzia politiko indartsu ernatzen ari da euskal errebindikazioa ardaztuz, nafar estatuaren inguruko hausnarketa, adibidez.

Euskal kultur-mugimenduaren indarrak lagun dezake iritzi publikoaren esparruan burutu beharreko borroka diskurtsiboan.

Bitarteko intelektualak inoiz baino indartsuagoak ditu Euskal Herriak. Euskal hiritargoa politikoki heldua da, jantzia, aditua. Euskal Herria aintzakotzat hartzen duten komunikabideek, hedatuenak ez diren arren, oso lotura zuzena dute euskal gizartearen esparru aktiboenekin, gizarte abangoardia izan daitekeenarekin. Euskal esparru komunikatiboa tinkotzen ari dela dirudi, munduaren ikuskera berezkoa garatzeko lanabesak nahikoa saretuta baitaude Euskal Herrian.

Errepresioa gora-behera, autodeterminazioaren alde ari den euskal gizarte esparruak ez du galdu ekimen politikorako gaitasunik.

Gizarte esparru zabalak daude Euskal Herrian konpromiso sozial politikorako prest. Euskal gehiengo sindikalak berebiziko garrantzia du eta konprometituta dago gizarte indar metaketa horretan. Euskal Herrian partehartze politikorako eta borrokarako kultura sendoa dago oraindik ere: gizarte talde, ekimen, herri mugimenduak sortzeko gaitasun izugarria dago euskal gizartean. Autodeterminazioaren aldeko euskal gizarte zibila arras bizia da.

< uztaila 2007 >
A A A O O L I
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31          

KRONOLOGIA

 
1. FASEA
DIAGNOSTIKOA
Sorrera batzarra
Talde sustatzailearen sorrera
Ekarpen Foroa I
Azaroak 29
Osoko bilkura I
·
2. FASEA
EKINTZAK ETA KONPROMISOAK
Ekarpen Foroa II
Programazioa: Zuhar Informatika Zerbitzuak | Diseinua: Tram Grafik | Hosting: IZT